sábado, 19 de noviembre de 2011

HARREMANETAN

Kunming-en, 2011ko azaroaren 18an

Gosaltzen nagoela, iparraldetik heldu berri diren argentinar bi eta
txinatar bikotekide batekin hasi naiz berbetan. Orain hamar egun
ezagutu ziren eta ordutik elkarrekin bidaiatzen dute. Gure bidaien
nondik norakoen elkar trukatu ondoren, gaurkorako duten plana
beraiekin konpartitzeko gonbitea luzatu didate. Primeran!

Hiritik kanpo, mendi baten barreiaturik dauden hiruzpalau tenplo
ikusten joan zaigu goiza. Kunming-era itzuli baino lehenago tontorrera
igo eta zati baten isilik egongo gara, panoramikaz disfrutatuz.
Arratsalde erdian, gosea baretzeko, lagun txinatarrek egoki
aukeraturiko bazkari ederra jan eta hoteltxora bueltatu gara.

Kontuak kontu eta jakinda bihar nire bidaia jarraitzeko asmoak
ditudala, eguneko bigarren proposamena iritsi zait:
- Zergatik ez zatoz gurekin hego parterantz?
Interesgarria da oso harremanetan jardutea, areago oraindik bakarrik
bidaiatzen denean. Jendeari entzunez gidetan agertzen ez den
informazio baliagarria jaso daiteke.

Orain letra hauek idazten ditudan bitartean, nire lagunen barreak
entzun ditzaket. Beste bidaiari batzuekin elkartu eta zerbeza bat
edaten daude. Nik ere gauza biak egiteko gogotsu nago: barre egin eta
zerbeza bat edan. Besterik ez. Bihar, ipar-mendebalderantz
doan bide printzipala jarraituz, Yunnan probintziatik irten barik,
Dali izeneko hirira joango naiz.
_

No hay comentarios:

Publicar un comentario