Vang Vieng-en, 2011ko abenduaren 12an
Goiz goizetik hasi da nire eguna. Vang Vieng-erako autobusa hartu baino lehenago, Luang Prabang-eko kaleetan zehar, ortozik eta errenkada luzean, monje eta nobizio budistak beraien eguneroko janaria biltzen ikustea egokitu zait. Isilpeko liturgia sakratu moduko unea begitandu zait. Zazpi orduko bidaiari hasiera eman orduko sendo gosaldu eta hiru gurpileko tuk-tuk bat hartuz geltokiraino joan naiz.
Izatez 168 kilometro baino ez dira izan, baina geografia fisikoak hala eskatuta luze joan da bidea. Pobrea, oso pobrea da Laos. Herrialde honetan, ohizko ierarkien grafikoak irauliz, jendea (talde etnikoak zuzenago esanda) zenbat eta garaiago bizi, orduan eta pobreagoa da. Hori izan da Luang Prabang eta herri honen artean nabarmenduko nukeen eskenatoki bakarra.
Vang Vieng-era justu eguneko eguzki izpi atseginenak erortzen ari diren momentuan iritsi naiz. Orokorrean, aguro samar konpontzen dut ostatuarena, eta gaurkoan ere venivedivici batean lotu dut lo kontuarena. Bideko hautsak eta izerdiak kendu eta inguruak ezagutzera soltatu naiz. Nang Song izeneko ibai ederra eta berde geruzaz estaliriko haitzezko menditxoak daude herriko mendebalde partean. Handixik hondoratu da betidaniko eguzkia, hain zuzen ere.
dotorea
ResponderEliminar