domingo, 4 de diciembre de 2011

JANARI KONTUAK

                                                                   Mohan-en, 2011ko abenduaren 4an
 
Mahai gaineko kontuetan gu ez gara edozelakoak. Ez oso denpora luzean, eskasiatik kutizietara pasatu gara. Gaur egun, nahiko pronto bilatzen dugu aitzakiren bat janariz eta edariz  ospatzeko. Kristoren garapena eduki du sukaldeak mendebaldar gizarteetan: unibertsitateetan erakusten den materia izatera iritsi da, edonongo gastromia dasta dezakegu inguruko jatetxeetan ( japonekoa nahiz turkiakoa), puntako sukaldariak  eguneroko menu mediatikoetan aurki ditzakegu,etabar.
 
Ez dut uste Txina horretara heldu denik, oraindik. Egia da bere sukaldea mundu guztian zehar zabalduta dagoela, baina horko jatetxe txinatarrek eskaintzen dutena ez da, inolaz ere, hemen dagoenaren adierazpen zuzen bat.
 
 Aldez aurretik esan dezadan  Txinak duen dibisa kulturalik sendoenetarikoa janaria  dela. Jakin badakit esaldi potoloa bota dudana, baina, hemen, janariaren nonnahikotasuna erabatekoa da. Eta bertoko jendea arro eta jakinaren gainean dago horretaz. Janaria goizetik gauera oso eskura dago, agerian.Aho bete hagin noa hemen ikusi dudana ikusita. Zer da, baina, dagoen plater prestatuen barietatea. Denetarik dute: barazkiak, arrainak, okelak, fruituak, lekaleak, sustraiak, esnekiak... Janari txinatarra erro karratuaren emaitza modukoa da: ez du amaierarik.
 
Hasieran ez nuen ondo asmatzen aukeratzerakoan, baina sinets iezadazue esaten badut nire dastamena jaialdiz jaialdi ibili dela. Eta nire urdaila? Daukadanik ere ez. Gaur arroza patatekin afaldu dut. Okurritu ere, arroza patatekin? Bai, jauna. eta zein ondo prestatuta!
 
Bihar Laosera pasatuko naiz. Hemen nago, Mohan-en, toreatzaileak hurren daudenean bezala , faena aurretik. Zer  dago mugaren beste aldean?

1 comentario:

  1. Mugaz beste aldean dagoen zezena dagoela seguruenera gurpil-pase dotoreez txuliatuko duzu.

    ResponderEliminar