Siem Reap-en, 2012ko urtarrilaren 11an
Nire lehenengo gaua Kanbodian eltxo koadrila temati baten konpainian igaro dut. Gainera, bero galanta izan denez, nik ere, Don Kixote modura, armak beilatzen eman dut gaua. Gosaldu bitartean, atzean utzi dugun mendean zehar, herri honek ezagutu dituen gorabehera politikoen gaineko texto batzuk irakurtzeari ekin diot, aharik eta marmelada mikaztu zaidan arte. Pol Pot boterera iritsi eta lau urteren buruan Kanbodiako populazioaren kopurua izugarri murriztu zen. Khmer Gorriak indarrean jarritako politika basatiaren ondorioz, izu-ikara itzela hedatu zen herrialde osoan; hiriak, eskolak, familiak...errotik suntsitu beharreko instituzioak ziren. Gizarte berria zerotik eraiki behar zen; ordura artekoa feudala omen zen eta ez zuen inolako baliorik. Baina larriena, Kanbodia umezurtz zegoela, hori guztia bakardadean jasan behar izan zuela, nazioarteak atzeko patioan egotera zigortu zuela.
Baina, tira, eguzkia gorago igoten utzi orduko bizikleta eta mapa bat hartu eta Siem Reap-eko kaleetan zehar eman dut goiza. Hara eta hona, ardurarik gabe, hiriko anatomien irudiez begiak bustitzen. Jendearen joan-etorriak ikusirik hiriko bizitza osoan asfalto gainean egiten dela pentsa liteke. Bestalde, hiri osoa hauts geruzatxo baten azpian dago (ez dakit zein den arrazoia, baina pobrezia eta hautsaren artean lotura zuzen bat dagoela esango nuke).
Bazkaldu eta eguzkiaren sugarrengandik ihezean nire gelako iluntasunera bildu naiz, haizagailu azpiko freskurara, hain zuzen ere. Ilunabarrean, bizikleta itzuli eta zerbeza bat edatera eseri naiz taberna bateko kanpoaldean. Konturatu naizenerako hiriko zaratak amataturik egon dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario